Gaur Andoni Imazi egin zitzaion elkarrizketa bat "El Pais" egunkarian ekarri dizuet. Espero dut ondo pasatzea berarekin.
Gustatuko litzaioke ordu gehiago libre izatea familiarekin egoteko,
ume bat baitauka eta "bestea bidean". Baina naturaltasunez hartzen ditu
futbolak eman dizkionak, alde onak eta txarrak. Andoni Imazek umetatik
amets egin zuen estadio batean bere burua ikusteaz. Errealitatea eta
ametsa ezberdinak direla konturatu zen gero. Adibidez, egun, garrantzia
handiagoa ematen zaio diruari: 14 urteko gaztetxoek kobratzen duen
fitxaz edo duen autoaz itauntzen diote, sasoi horretan berari burutik
pasatzen ez zitzaizkion galderak.Galdera. Futbolariek gauza berdinak
esaten omen dituzue beti. Norena da errua, zuena ala kazetariena?
Erantzuna. Ez dakit errurik dagoen. Kirol aldizkariak gehiago saltzen
dira. Beraz, baldin badakite erantzun berdinak ematen ditugula, eta
hala ere, erosi egiten badituzte, konformatu egiten direla esan daiteke.
Nik badakit gure artean arrazoi bategatik ematen ditugula erantzun
berdinak: ez dugu gure bizitza nahastu nahi, ez garelako horretaz bizi.
Jaten ematen diguna futbola da, ez berriketan aritzea. Elkarrizketa
batean hanka sartuz gero hurrengo egunean entrenatzaileak 'nolatan esan
duzu hau' galdetzen dizu. Beraz, nahi ez dituzun arazoetan sartzen zara.
G. Gaur egungo gizartean gehiegizko garrantzia ematen zaio futbolari?
E. Azken urteotan kirolak eta behinik behin futbolak izugarrizko
garrantzia dauka, baina lehen ere bai. Zuri beltzezko partiduak ikusten
dituzu eta estadioak beterik zeuden orduan. Gertatzen dena da orain
aukera gehiago daukagula futbola ikusteko. Jendeak informazio gehiago
nahi du eta nola bizi garen jakin nahi du.
G. NBAko zenbait partidutan aldageletan sartzen dituzte kamerak. Zer iruditzen zaizu?
E. Amerikarrek egiten dutena goizago ala geroago beti iristen da.
Europan beraiek baino zaharragoak gara, beste etika bat daukagu eta
agian ez gara horretara iritsiko. Niri ez litzaidake batere gustatuko.
Txikitatik futbolean egitea gustatu izan zait, eta ez hitz egitea, ez
gauzak harrotzea.
G. Txikitan amesten zenuena eta ezagutu duzun futbolaren errealitatea oso desberdinak al dira?
E. Ametsa literalki esaten dut: oheratu, lo egin eta zure burua
estadio batean futbolean ikusi. Baina umetan ez duzu ikusten futbolak
atzetik dakarrena, alde onak eta txarrak. Egunero 24 ordutik zortzi
kenduz gero, lo zaudenak, gainontzeko orduetan jokalari zara. Kalean
geratzen bazaituzte beti erantzun behar duzu, pertsonaia publikoa
baitzara. Bestalde, alde ona dauka: diru asko ematen dizu eta bizitza
lasaiago hartzea plantea dezakezu.
G. Egun talde handi bateko azpiko kategorietan dabilen mutiko batek zer dauka buruan: kirola ala dirua eta ospea besterik ez?
E. Ez dakit. Baina egia da orain 14 edo 15 urteko mutiko batek ia
zenbat irabazten duzun eta ze auto daukazun galdetzen dizula. Horrek
pixka bat harritzen zaitu, guk adin horrekin ez baikenuen horretaz
pentsatzen. Gauzak berez iristen ziren. Adin horrekin hori galdetzeak
futbolak beste alde hori badaukala erakusten du: dirua, ospea, autoa.
Gauzak aldatu egin dira.
G. Haur mailako partiduetan gurasoak elkarri irainka edo garrasika ikusten dira. Zergatik gertatzen da hori?
E. Ni infantila nintzela ere bizi izan ditut horrelako eztabaidak.
Hori ez da kirola bakarrik. Heziketa ere tartean dago. Ikusi egin
beharko litzateke ia umeen ametsa den profesionaletara iristea edo
gurasoena ote den. Akaso hori da okerrena.
G. Osasungarria al da institutua utzi berri duten gazteek halako fitxa altua edukitzea?
E. Kirolean gaur egun oso gazte iristen gara. 18 urterekin askotan
lehenengo mailan zaude eta oraindik ez zaude erabat osatuta pertsona
bezala. Ze aukera ematen dizu horrek? Aukera asko ondo pasatzeko, kezka
batzuk alde batera uzteko, ondo bizitzeko..., baina hori ere bukatu
egiten da. Beraz, formazioa alde batera uzten baduzu, dirua izanez gero
aukera asko dago. Baina, dirurik gabe, beste gauza batzuk landu behar
dituzu. Arriskutsua da, baina gauza batzuk ezin dira aldatu. Ezin duzu
esan: '30 urte izan bitartean ezin duzu hainbeste irabazi', hori
ezinezkoa da.
G. Gogoan izango dituzu UEFAko finalean gertatutako istiluak. Zer egin dezakezue futbolariek horrelakorik gerta ez dadin?
E. Hori fanatismo hutsa da. Heziketa eta kultura hori zuzentzeko
daude, baina heziketa eta kultura ez dira pertsona guztiengana iristen.
Gero beste gauza batzuekin nahasten da guztia, politika adibidez. Guk
gure alea jartzea badaukagu. Nola? Ba hori salatuz, inora ez daramala
esanez. Zuzendaritzek ere euren ardura dute. Askok horrelako talde
erradikalei laguntzen diete. Hori bukatu egin beharko litzateke. Guk
ezer egiterik ez daukagula esatea eskuak garbitzea izango litzateke.
G. Nolakoak izango dira zure asteburuak erretiroa hartzen duzunean?
E. Ume bat daukat eta bestea bidean. Beraz, badakit denbora asko
beteko didatela. Ez dakit zenbat denbora gelditzen zaidan hori egiteko,
baina urtebete sabatikoa hartzeko gogoa dut.